SUKALDATU EGITASMOA, BIGARREN URTEZ ERE, ARRAKASTATSU

publicado a la‎(s)‎ 29 may. 2015 8:27 por Komunikazioa Aita Larramendi Ikastola   [ actualizado el 29 may. 2015 8:39 ]

Bigarren urtez jarraian, garaiko eta bertako jakiak oinarri dituen egitasmoan hartu dute parte Ikastolako ikasleek. LHko 6. mailako ikasleen txanda izan da aurtengoan.


Basque Culinary Center-ek (BCC), Eroski Fundazioak eta Ikastolen Elkarteak abian jarritako egitasmoa da Sukaldatu, eta bigarren urtez jarraian, Andoaingo Aita Larramendi Ikastola egitasmoko partaide izan da.

Maiatzaren 26, 27 eta 28an Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek, gelaka banatuta, bertako eta garaiko produktuez osatutako menu gustagarria dastatu dute. Aurretik, ordea, elikagaiak aukeratu, erosi eta sukaldatu behar izan dituzte. Modu horretara ikasleek bizi-ohitura osasungarriak bereganatzea du xede proiektuak, eta baita bertako eta garaiko produktuak, zentzumenak (dastamena, usaimena, ukimena…) eta oinarrizko elikadura ohiturak lantzea ere. Sukaldeko egunerokorako hainbat trikimailu ere ikasi dituzte ordea: tipula mozterakoan zein mugimendu egin, indukziozko suak nola erabili… Taldelana ere oinarrizko elementu izan da tailer guztian zehar. Andoaingo Lasaidu elkartea izan dute horretarako txoko paregabe.

Ikasleen tailerrez gain, LH 6ko ikasle horien gurasoei zuzendutako tailer bat ere egin da, ikasleen eta gurasoen arteko komunikazioa eta partehartzea sustatu asmoz.