ELIKADURA OSASUNGARRI ETA JASANGARRIA

publicado a la‎(s)‎ 27 may. 2015 4:12 por Komunikazioa Aita Larramendi Ikastola   [ actualizado el 27 may. 2015 4:16 ]
2014-2015 ikasturtean Elikadura Osasungarri eta Jasangarria landu dugu Eskola Agenda 21aren baitan. Aita Larramendi Ikastola, Leizaran Institutoa eta La Salle-Berrozpe ikastetxeetako Lehen Hezkuntza, DBH eta Batxilergoko ikasleek parte hartu dugu eta hainbat jarduera egin ditugu elikadura eta gure gizartea elkarlotzeko, besteak beste, osasuna, baserria, paisaia, herriko elikagai eskaintza eta gure ohiturak zein hauen ondorioak aztertu ditugu.

Gelan aurkezpenak, hitzaldiak eta era guztietako ekimenak izan ditugu baina, era berean, herri mailako diagnostikoa egin dugu. Egoera hobetu beharrean gaudenez, hainbat hobekuntza proposatu eta, noski, guk ere hainbat konpromiso hartu ditugu. Lortutako emaitza hauek guztiak herri mailan eztabaidatu ditugu hiru foro desberdinetan eta, ondoren, udal ordezkariei aurkeztu dizkiegu txosten batean.

Honi erantzunez, alkateak, Udalaren esku dagoen eta aurrekontuak baimentzen dituen hainbat ekimen burutzeko konpromisoa hartu du. Hurrengo lerroetan, bide honen emaitza laburbiltzen da.

Zer egiteko prest gaude?
  • Beharrezkoa dena soilik erosiko dugu eta ez dugu janaria alperrik galduko.
  • Plastiko gutxiago erabili, zabor gutxiago sortuko eta gehiago birziklatuko dugu.
  • Ez dugu zaborrik lurrera botako.
  • Gurasoei zigarroak lurrera ez botatzeko esango diegu.
  • Gure zakurren kakak bilduko ditugu.
  • Parkeetako jolas-lekuak eta tramankuluak ondo erabiliko ditugu.
  • Animaliak, landareak, zuhaitzak, lorategiak, baratzak eta natura errespetatuko ditugu.
  • Kaleetan ez dugu pixarik egingo.
  • Elikagaien etiketak begiratu eta ekologikoak zein baserrietakoak lehenetsiko ditugu.
  • Erosketak herriko denda txiki, azoka eta zuzenean baserritarrei egiteko esango diegu gurasoei.
  • Baserritarren lana errespetatu eta mirestuko dugu.
  • Elikadurari buruzko informazioa jaso eta zabalduko dugu.
  • Baratzak jarri eta haziak ereingo ditugu.
  • Entsalada errezetak prestatu eta fruta zein barazki gehiago jango dugu.
  • Ondo gosaldu eta orduz kanpo gutxiago jango dugu.
Zer eskatu diogu udalari?
  • Baserria zein landalurra ezagutu, gozatu eta errespetatzeko neurriak hartzea, adibidez, museo bat egin edo erakustaldiak prestatu, bisitak antolatu, oinezko bide eta parke gehiago sortu, landalurra txukun mantendu e.a.
  • Herriko dendatan elikagai jasangarriak zein osasungarriak saldu eta bilduki gutxiago erabiltzeko neurriak hartu eta kanpainak egitea.
  • Barazki zein fruta gehiago jan eta kirola zein jarduera osasuntsuak sustatzeko kanpainak egitea.
  • A uzo eta herriguneko denda txikiak laguntzea.
  • Baserritarrak eta elikagai ekologikoak lagundu, adibidez, diru-laguntzak emanez, eguneko esnea saltzen duen makina jarriz, dendatan elikai hauek sustatuz, azokak edo txapelketak antolatuz eta salmenta zuzena bultzatuz.
  • Landalurrean harrobiak, eraikuntza eta azpiegiturak galeraztea.
  • Lorategi eta zuhaitz gehiago jartzea eta zaintzea.
  • Etxeko balkoietan lore eta landareak jartzera animatzea jendea.
  • Bostgarren edukinontzia jartzea, konposta egitea, zaborrontzietan sailkatzeko aukera ematea eta birziklatzeko kanpainak egitea.
  • Txakurrentzat parkeak jartzea eta txakur gorotzen arazoa konpontzea.
  • Baratza ekologikoak sortu eta langabezian daudenei eskaintzea.
  • Iraungitzear dauden produktuak behardunei eskaintzea.
Zertan hitz eman du udalak?
  • Baserri eta landalurrak babesteko politikak ezarri eta mendia txukun mantentzeko kanpainak egingo ditu.
  • Gure baserri, nekazaritza eta abeltzaintza lanek, ingurumena babesten eta gure osasunean duten eragina ezagutzera emateko ekimenak bultzatuko ditu.
  • Denda, azoka eta supermerkatuetan elikagai jasangarriak eta osasungarriak saltzeko kanpainak egingo ditu, batez ere, bertako baserritarrenak.
  • Barazki zein fruta gehiago jateko eta kirola zein jarduera osasuntsuak sustatzeko kanpainak egingo ditu.
  • Bertako baserritarren elikagaiak eta elikagai ekologikoak bultzatuko ditu jatetxeetan, bertako dendatan eta azokan, adibidez, txapelketak antolatuz edo salmenta zuzena bultzatuz.
  • Erabiltzen ez diren eremuetan baratza ekologikoak jarri eta langabezian daudenei eskainiko dizkie.
  • Supermerkatu eta dendatan billduki gutxiago erabiltzeko neurriak hartzen jarraitzeko kanpainak egingo ditu.